Aurtengo Maiatzaren Leheneko leloek hainbat gai garrantzitsu jarriko dituzte erdigunean, hala nola gerraren kritika, bizitzaren garestitzea, soldata eta pentsio duinen beharra, eta zerbitzu publikoen indartzea. Horrez gain, gazteen eta emakumeen lan prekarietatea salatuko da.
LAB, UGT, CCOO, ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuek manifestazioak antolatu dituzte eguerdian Araban. Deialdi hauek testuinguru berezi batean kokatzen dira, azken hilabeteetan industria sektorean (Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresetan) eta arlo publikoan (Arabako esku hartze sozialaren sektorean) izandako mobilizazio ugarien ondoren.
Martxoan egindako greba orokorrak parte hartze handia izan zuen, milaka lagun kalera atera baitziren lan baldintzak hobetzearen alde. ELA, LAB eta ESK sindikatuek adierazi dute mobilizazio horien ildotik jarraitu nahi dutela, langileen eskubideen defentsa indartuz.
“"Maiatzaren 1 honetan, langileok kalera aterako gara bai gobernuei bai patronalei erakusteko ez dugula onartuko gure kontura aberasten jarraitzea, gu pobretzen gaituzten bitartean. Are gutxiago, hori guztia gerrak eta esku-hartze inperialistak justifikatuz egitea, ekinez edo ez ikusiarena eginez."
CCOO k eta UGT k azpimarratu dute nazioarteko eszenatoki ezezagun eta nahasi batean egiten diotela aurre Maiatzaren Lehenari, non erabaki politikoek eta belizisten erokeriek joko arau globalak hankaz gora jartzen ari diren. Barne mailan, elkarrizketa sozialak Euskadin indarrean jarraitzea defendatu dute, ziurgabetasun garaietan ziurtasunak emateko tresnarik eraginkorrena baita.
LAB ek, bere aldetik, 26 manifestazio egingo ditu Euskal Herrian, 'Langileok eragin' lelopean. Gasteizko manifestazioaz gain, Oionen eta Laudion ere mobilizazioak antolatu ditu. ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuak batera mobilizatuko dira Europa Jauregitik aterako den manifestazioan, 'Langileok batu, inperialismoaren kontra, bizitzaren alde' lelopean.




