Programazioa gaur, asteartea, arratsaldeko 18:30ean hasiko da, Lezeaga Aretoan, Irantzu Varela idazle eta kazetari feministaren "Darle fuego a Bilbao" eleberriaren inguruko literatur topaketa batekin. Natalia Álvarez ek dinamizatuko duen solasaldian, lanaren gai nagusiak jorratuko dira, hala nola desioa, adiskidetasuna, militantzian, hiria agertoki politiko gisa eta memoria feminista.
Ostiralean, berriz, Udalak LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenerako eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ren harira Erakunde Adierazpena onartuko du eta Harrotasunaren Bandera Inklusiboa jarriko du udaletxeko balkoian. Keinu horren bidez, Udalak LGTBIQ+ komunitatearekiko babesa, aitorpena eta konpromisoa helarazi nahi ditu, baita pertsona guztien eskubideak diskriminazio oroen aurrean defendatzen jarraitzearen garrantzia gogorarazi ere.
Egun berean, 18:00etatik 21:00etara, Laudioko kaleetan zehar Photocall Itinerante bat egingo da. Jarduera honek ibilbide bisuala proposatzen du udalerria osatzen dutenen aniztasuna eta aberastasuna ospatzeko. Ekimenaren baitan, argazki analogikoak egingo dira, artisautzaren magia berreskuratuz, eta nahi dutenek Udalaren LED pantaila informatiboetan ere agertu ahal izango dira, Laudioren aniztasuna ikusgarri egingo duen mosaiko kolektibo baten parte izanez.
Bestalde, larunbatean, hilak 27, Aldai plazan Beldur Barik Gunea egongo da, 22:00etatik 02:00etara. Gune honek informazioa, babesa eta sentsibilizazioa eskainiko ditu, jai seguruak eta indarkeria matxista, sexista eta LGTBIQ+fobikorik gabekoak sustatzeko helburuarekin. Egoera diskriminatzaileak artatu eta errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako ingurunea sustatzea da xedea.
Laudioko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu Laudio Harro 2026 jardueretan parte hartzera eta espazio publikoan harrotasuna, bizikidetza eta aniztasuna aldarrikatzen dituen programazioarekin bat egitera. Era berean, Udalak bere konpromisoa berresten du pertsona guztiek askatasunez, duintasunez eta beldurrik gabe bizitzeko aukera izan dezaten lanean jarraitzeko.
Merkataritza sektorea izan da bat egin duen lehenetarikoetako bat, 45 erakusleiho jantzi baititu harrotasunez, "aniztasuna babesten dugulako, errespetua ospatzen dugulako eta Laudio anitza, librea eta pertsona guztientzakoa dela sinesten dugulako", azpimarratu dute bertako merkatarien elkartetik, Apill.




