Atzo arratsaldean piztutako sutea kontrolpean eta perimetratua dago jada Llantenoko Idubaltza mendian, baina suhiltzaileak lanean ari dira oraindik, berriro piztu ez dadin. Arabako Foru Aldundiko suhiltzaile eta basozainen unitateez gain, Bizkaiko, Errioxako eta Asturiaseko helikopteroak eta hidrohegazkinak ere bertaratu ziren itzaltze lanetara. Aldundiko helikopteroak, Nekazaritza Brigadak, Laudioko parkeko suhiltzaileek eta Asturiasetik etorritako Espainiako Gobernuko Baso Suteetan Laguntzeko Brigadak jarraitzen dute lanean, eta bulldozer bat ere erabiltzen ari dira suebakiak egiteko.
Amurrioko Uhandre Baso Biziak elkarteak kezka agertu du sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Elkarteak nabarmendu duenez, sutea itzaltzeko baliabideek bezain garrantzitsua da urte osoan zehar prebentzio lanak egitea, eta eredu forestalaren inguruko eztabaida "behar-beharrezkoa" dela defendatu du.
Prebentzio neurri gisa, Artziniegako igerilekuak desalojatu behar izan zituzten atzo, aireko bitartekoek bertatik ura har zezaten. Gaur ere instalazioak baliatuko dituztela azaldu du Artziniegako Udalak, eta laster jakinaraziko dutela noiz irekiko dituzten berriro.




