JEZeko LABek gutuna igorri dio Pradales Lehendakariari, Maderas de Llodioko langileen egoeragatik

Sindikatuak enplegua eta jarduera bermatzeko irtenbide bat bilatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Irudi generikoa: Gutun bat eta egurrezko enborrak.
IA

Irudi generikoa: Gutun bat eta egurrezko enborrak.

JEZeko LAB sindikatuak gutuna bidali dio Imanol Pradales lehendakariari, Maderas de Llodioko langileek bizi duten egoera larriaren inguruko kezka adierazteko.

JEZ enpresako LAB sindikatuko ordezkariek gutun bat igorri diote Imanol Pradales lehendakariari, Maderas de Llodio lantegiko langileek bizi duten egoera larriaren inguruko kezka helarazteko. JEZ eta Maderas de Llodio lantegiak elkarren ondoan daude, eta JEZeko beharginek greba mugagabean 250 egun bete dituzten kideekin elkartasuna adierazi nahi izan dute.
"Sindikatu gisa eta ondoko enpresa bateko langile garen aldetik, ezin dugu halako gatazka baten aurrean axolagabe geratu", adierazi dute gutunean. Horregatik, "premiazkoa" dela uste dute euskal erakundeek "beharrezko mekanismo politiko, instituzional eta industrial guztiak aktibatzea, enplegua mantenduko duen eta jardueraren jarraipena bermatuko duen benetako irtenbide bat bilatzeko".
LABek erakundeen inplikazioa eskatu du, "langile klasearen zein Aiaraldeko industria sarearen defentsa erdigunean jarriz". Sindikatuaren arabera, kontraesankorra da duela aste gutxi Murgako Etorkiren instalazio berrien inaugurazioan "0 kilometroko pinuaren eraldaketan aritzen diren enpresak estrategikotzat jotzea", eta, era berean, "EAEko pinua erabiltzeari utzi eta Frantziatik ekarri eta Errioxan eraldatzeko erabakia hartu duen enpresa batean lan-gatazka zabalik egotea".
Horregatik guztiagatik, JEZeko LAB atal sindikaletik premiaz eskatu diote lehendakariari "Eusko Jaurlaritzak Maderas de Llodio auziari irtenbidea emateko eta bertako langileen etorkizuna bermatzeko bide posible guztiak sustatu eta aktibatzea".
Datozen egunetan jasoko dute LABeko ordezkariek Pradales Lehendakariak gutuna jaso eta irakurri izanaren baieztapen ofiziala.