Agility Pawer klubak Artziniega hautatu du bere udako agility proba antolatzeko. Kirol proba hau asteburu honetan eta hurrengoan izango da, hilaren 21, 22, 23, 28, 29 eta 30ean, Barcenako kirol eremuan. Sarrera doakoa izango da eta publikoak aukera izango du probak ikusteko, ostiraletan 14:00etatik aurrera eta larunbat zein igandetan 9:00etatik aurrera.
Antolatzaileek parte hartze zabala aurreikusten dute, izan ere, 350 txakur baino gehiago eman dute izena. Parte hartzaileak Espainiako Estatuko hainbat tokitatik eta nazioartetik bertaratuko dira, hala nola Frantziatik, Irlandatik edo Esloveniatik.
Udalak jakinarazi duenez, aipatutako egunetan futbol zelaia, kiroldegia, aparkalekua eta ikastetxea okupatuta egongo dira. Gainera, 60 karabana eta furgoneta baino gehiago espero dituzte proban parte hartuko dutenentzat.
Agilitya txakurrei zuzendutako kirola da, eta hainbat oztopoz osatutako ibilbidea ahalik eta azkarren gainditzean datza. Artziniegakoa ez da eskualdean egiten den gisa honetako lehen proba; izan ere, 2022an Okondon Euskadiko Sextuple Agility txapelketa ospatu zen, eta 2016an Urduñan ere egin zen antzeko lehiaketa.




