Amurrioko txosnagunean eta parketik kanpo kokatuko diren lau txosnetatik hiruk bat egin dute Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren proposamenarekin, jaietan euskara sustatzeko konpromisoak hartuz. Mendiko Lagunak, Gazte karpa, Etxerat, Amurrioko Eragileen txosna, Kuxkumendi mendi bizikleta taldearen txosna eta plazan kokatuko den Ezina Ekinez Egina elkartearen elkartasun txosnek hartu dituzte konpromiso horiek.
Abiapuntua txanda guztietan gutxienez pertsona euskaldun bat izatea bermatzea izango da, informazio guztia euskaraz ematea eta bozgorailuetatik jartzen den musikaren erdia baino gehiago euskaraz izatea. Oinarri horretatik aurrera, Kontseiluak Txosnetarako Hizkuntza Irizpideak eta Praktika Onen Gida jarraitzea proposatzen du, eragile ezberdinei gomendio praktikoak eskainiz.
Aurten, Ezina Ekinez Egina eta Kuxkumendi BT taldeek lehen aldiz jarri dute txosna, eta biek baiezkoa eman diote proposamenari. Era berean, Eragileen Txosna ere berria izango da, non Kuadrillek, Amurrio Harrok, SOS Aiaraldeak, Amurrioko Emakumeen Sareak, Amurrioko Musikazale Elkarteak eta AIEKEk parte hartzen duten. Horrela, salbuespen bakarrarekin, herriko txosnek bat egin dute ekimenarekin.
Kanpaina hau Amurrioko 12 tabernek hartutako konpromisoekin osatzen da, eta Jai Herrikoien Mugimenduak ere bat egin du ekimenarekin, Euskararen Semaforoa erabiliz.




