Burubio elkartearen itxieraren ondoren, Amurrioko musikariak ez dira geldirik geratu. Amurrio Musikazale Elkartean antolatu dira, eta dagoeneko ehun lagun baino gehiago bildu dituzte. Elkarte berriaren helburu nagusia musikariak elkartu eta musika egiteko espazio egoki bat lortzea da.
Miguel Rodriguez-Valdes, Gwa Ya taldeko kidea eta elkarteko lehendakaria, azaldu duenez, erakundeekin harremanetan hasi dira helburu hori betetzeko. Amurrioko Udalarekin lehen bilera positiboa izan dute, eta Refor enpresaldeko entsegu-lokalak birgaitzeko aukera aztertzen ari dira. Gainera, tailerrak eta ikastaroak antolatzeko asmoa ere badute.
“"Refor enpresaldean badira aspaldiko entsegu-lokal batzuk eta horiek birgaitzeko bidean gara"
Musikazale Elkarteak ez du soilik musikariengan jarri nahi arreta, baita zaleengan ere. Rodriguez-Valdesek azpimarratu du zuzeneko musikaren garrantzia, eta gogorarazi du Burubio itxi ondoren kontzertuez gozatzeko leku gutxi geratzen direla. Horregatik, zuzeneko emanaldiak antolatu nahi dituzten taberna edo taldeekin harremanetan jarriko dituzte tokiko musikariak.
Elkarteak bere jarduna jendaurrean aurkeztuko du datorren ekainaren 7an, Txakolin Egunarekin bat eginez. Kalean musika tresnekin postua jarriko dute eta jam session bat eskainiko dute. Bertaratzen direnek hainbat instrumentu probatzeko aukera izango dute.




