Duela bost urte sortu zen Amurrio Harro elkartea, LGTBIQA+ harrotasuna hiri handietako kontua ez dela eta herri txikietan ere kolektiboaren kideak badirela aldarrikatzeko. Urteroko egutegian bereziki markatuta geratu den jarduera nagusia, hilaren 28aren inguruan antolatzen duten harrotasunaren eguna da.
Aurten, ekainaren 27an, larunbatean, ospatuko dute aldarrikapena eta jaia uztartzen dituen egun handia. Goizetik arratsaldera arte luzatuko den egitaraua prestatu dute, eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete, errespetuz jokatzea baita baldintza bakarra.
Egitarau oparo eta anitzak kirolari ere lekua egiten dio goizean: Gorobel kirolgunearen eskutik social run-a egingo dute, eta hamaiketakoa izango da ondoren. Indarrak hartuta, norberak bere tote bag pertsonalizatua sortzeko aukera izango du. Ekintza nagusiak Juan Urrutia plazan izango dira, baina euria eginez gero, San Anton era lekualdatuko dira.
Eguerdian, aldarrikapenari tarte handiena eginez, elkarretaratzea egingo dute. Ondoren, hilabetean zehar apainduta egon diren taberna eta komertzioetako erakusleiho lehiaketako sari banaketa burutuko da, bertako produktuen saskiaren zozketarekin batera.
Jarraian, kalejira abiatuko dute Amurrio ko kaleetan barrena, Beti Jai Fanfarre aren doinuez lagunduta. Elkarteko taldeek azaldu dutenez, aurtengo apustuetako bat musika emanaldiak herritik zabaltzea izan da, ekimenari ikusgarritasuna emateko eta ez dezaten ikusi "soilik plazatik igarotzen diren horiek".
15:00etan herri bazkaria izango da eta Bika taldeak kontzertua eskainiko du bazkalostea luzatzeko. Las Fellini trabestiak ere itzuliko dira Amurrio ra eta ikuskizuna eskainiko dute 17:15ean. Jony DJ ak eguna itxiko du, kalez kale ibiliz amurrioarrak dantzan jarriz.
Larunbata igarota, Amurrio Harro elkartearen jardunak ez du etenik izango; hitzaldiak, tailerrak eta LGTBIQA+ kolektiboari buruzko informazioa, materiala eta aholkularitza eskaintzen jarraituko du, eskualde anitz eta askeago baten alde lan eginez.




