Arabako Txakolina Jatorri Deiturako zazpi upategiek beren 2025eko uzta aurkeztu zuten atzo, Amurrioko parkean ospatutako Txakolin Egunaren XXVII. edizioan. Aurten, ardoak kopuruz murritzagoak dira, baina kalitate oso altua dute.
Ekitaldiari hasiera ofiziala emateko, sukaldari Alberto Molinero eta sommelier Jorge Rodriguez omendu zituzten. Arabako Txakolina Elkarteko ordezkariek bi profesional hauen lana eskertu nahi izan dute, Arabako txakolinari ematen dioten bultzada eta ikusgarritasunagatik. Aurretik, tokiko produktuen aldeko apustua berretsi zuten bertaratu ziren erakundeetako ordezkariek.
Eguraldiak lagunduta, milaka lagun elkartu ziren Amurrioko parkean, janari eta edari postuez eta tokiko upategien eskaintzaz gozatzeko. Ekoizleek egunaren balorazio "oso positiboa" egin zuten, eta jai giroak berandu arte iraun zuen, Errekada eta Oxabi erromerien eskutik.




