Gu Kostaldea Herrigintzan plataformak antolatuta, bi eguneko topaketa sortzaileak izango dira Elantxoben. Jardunaldi hauek parte-hartzeari, memoriari, lurraldeari eta narratiba digitalen elkarkidetzari buruzko hausnarketa sustatuko dute, Moviltik-Loturak elkartearen laguntzarekin.
Lehen jardunaldia, irailaren 14an (astelehena), 17:00etatik 19:00etara izango da Gregorio Renteria Kultur Etxean. Herritarrei, elkarteei eta tokiko eragileei zuzenduta, adimen artifiziala lurraldearen ezagutzaren, kulturaren eta etorkizunaren zerbitzura nola jar daitekeen aztertuko dute. Esperientziak partekatuko dira eta erronkak bilduko, hurrengo eguneko saiorako oinarri gisa.
Bigarren saioa, irailaren 19an (larunbata), 10:00etatik 17:00etara burutuko den Hackathon laborategi trinkoa izango da. Bertan, adimen artifizialean, programazioan eta diseinuan adituak diren pertsonekin batera, "Istorioak Sortzeko Makina" izeneko lehen prototipoa garatuko dute. Helburua Urdaibaiko historia eta etorkizuna ikertzeko, interpretatzeko eta partekatzeko modu berriak sortzea da, lurraldearen ezagutza sakabanatua konektatuko duen azpiegitura berri bat eraikiz.
Plataformako kideek nabarmendu dutenez, "Istorioak Sortzeko Makina" ez da tresna teknologiko hutsa, baizik eta ezagutza tekniko gutxi duten pertsonei adimen artifizialaren aukerak eskura jartzeko diseinatutako lan-protokoloa. Ikertzeko, informazioa erlazionatzeko, memoria berreskuratzeko eta proiektu berriak taldean garatzeko baliabideak eskaintzen ditu.
Gu Kostaldea Herrigintzan plataforma Gautegiz Arteaga, Elantxobe, Ereño eta Ibarrangelu ko herritarrek sortu zuten, lurraldearen erronka nagusiak aztertu eta etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko estrategiak identifikatzeko. Biztanleriaren zahartzea, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta lan-desplazamenduak dira erronka horietako batzuk.
Topaketa hauen bidez, eragileen arteko lankidetza sustatu eta ezagutza partekatu proiektu komunetan bilatu nahi dute. Kultura, partaidetza eta esperimentazio teknologikotik abiatuta, adimen artifiziala lurraldearen zerbitzura nola jar daitekeen aztertuko dute, ikerketa, sorkuntza kulturala eta etorkizunen eraikuntza partekatua indartzeko.




