Gernika-Lumoko Kultur Etxeak tokiko musika proiektuak sustatzeko eta talde eta elkarteei babesa emateko 5.000 euroko laguntza deialdia ireki du. Diru kopuru hori, oinarrietan jasotako baldintzak betetzen dituzten proposamenen artean banatuko da.
Dirulaguntza hauek Gernika-Lumon eragina duten musika-jarduerak garatzen dituzten elkarteei, musika-taldeei eta partikularrei zuzenduta daude. Musika lanen grabaketa, ekoizpena edo edizioa, formatu fisiko zein digitalean, baita proiektuei lotutako komunikazio eta hedapen materialak ere, babestu daitezkeen proiektuen artean daude.
Laguntzak eskuratzeko, eskatzaileek udalerrian erroldatuta egon beharko dute. Talde edo elkarte musikalen kasuan, kideen %50 gutxienez erroldatuta egon behar du. Gainera, ohiko jarduera bertako musika-espazioetako batean garatu edo horiekin lotuta egon beharko du.
Eskaerak azaroaren 19ra arte aurkez daitezke Kultur Etxeko bulegoetan eta webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus). Aurkeztu beharreko dokumentazioaren artean, NANaren kopia, proiektuaren memoria deskriptiboa, aurrekontua eta banku-kontu zenbaki bat daude.
Onuradunek, laguntza jaso eta hurrengo urtean Kultur Etxeak antolatutako Arbolapean musika-programako kontzertu batean parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.




