Jai parekide eta berdinzaleak sustatzeko asmoz, Urnietako Udalak informazio- eta arreta-gune bat jarriko du martxan irailaren 25ean eta 26an, bi egunetan Gaztelekuan, Plazido Muxika plazan, 19:00etatik goizeko 04:00ak arte.
Trafikoari dagokionez, hainbat murrizketa izango dira. Irailaren 24an, Errekalde eta Akan kaleetatik igaroko den goitibera-lehiaketa dela eta, aparkatzeko murrizketak ezarriko dira inguru horretan. Gainera, Errekalde kaleko aparkalekua irailaren 23tik urriaren 1era arte itxita egongo da, barrakak instalatuko direlako.
Idiazabal kalean ere aldaketak izango dira: irailaren 26tik 27ra (larunbatetik igande goizera) eta urriaren 3tik 4ra (larunbat arratsaldetik igande goizera) itxita egongo da, Itsaspe pareko eta Kandela tabernaren arteko tartean. Bestalde, irailaren 25etik 29ra (24 orduz) eta urriaren 2an (gauean), Etxeberriko biribilgunetik San Joan plazarako trafikoa Maximo Yurramendi kaletik desbideratuko da.
San Joan plazako sarbidea ere aldatuko da Arantzubi aldetik, San Joan kaleko 11. zenbakiaren parean, eta Azkorte kalerako sarrera Geltoki kaletik egin beharko da goitik behera.
Autobus-zerbitzuari dagokionez, Idiazabal kalean mozketak irauten duten bitartean, bi autobus-geltoki berri ezarriko dira: bata Elkarteen Etxearen ondoko biribilgunean eta bestea Ermotegi-Langardako biribilgunean.




