Azpeitian egin zen aurkezpen ekitaldian elkartu ziren bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak, baita hainbat kultur diziplinetako sortzaileak ere. Txapelketari forma eta izaera emateko lan egin dute sortzaileek, eta horren emaitza da aurkeztutako marka, iruditeria, eszenografia eta sintonia berria. Lumik (Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax) sortu du txapelketaren sintonia.
Kulturaz kooperatibak eskainitako espazioan eginiko sormen prozesu kolektiboaren emaitza dira elementu berri hauek. Azpimarratu zen bertsolaritza bera ere ariketa kolektiboa dela, eta txapelketa, bertsolaritzaren erakusleiho nagusia izan arren, bertso plazaren zati bat baino ez dela, baina lau urtean behin, bertsolaritza Euskal Herriko maparen erdigunean jartzeko aukera eskaintzen duela.
Lehiaketa irailaren 19an hasiko da Hazparnen. Busturialdeko ordezkari diren Onintza Enbeita Maguregi eta Aitor Etxebarriazarraga Badiola urriaren 10ean arituko dira Gotaine-Irabarnen. Lehen fasea irailaren 19tik urriaren 11ra bitartean izango da, eta finalaurrekoak urriaren 24tik abenduaren 5era jokatuko dira. Finala abenduaren 20an izango da, Iruñeko Nafarroa Arenan.
Atzoko ekitaldian, Irati Antia Zuaznabar iruditeria serigrafiatzen ari zen eta Malen Agirre Sarasua finaleko eszenografia margotzen. Jaia Bilaka dantza taldekoekin hasi zen, eta Antton Telleria Lopetegi aritu zen gidari lanetan. Gainera, Andoni Egañak Makazagaren bertsoak kantatu zituen eta Adarbakarra taldeak sketch bat eskaini zuen.
Lehendakaritza taldeko Ainhoa Urien Telletxea, Ander Elortegi Garatea eta Xabi Igoa Eriz ere igo ziren oholtzara, eta nabarmendu zuten Bertsozale Elkartearen helburua bertsolariaren jarduna babestea eta garatzea dela, hitzak josten dituenari adierazi beharrekoa esateko aukera emanez, bereziki txapelketa garrantzitsu honetan.




