Itzuliaren laugarren etapa Galdakaon ospatuko da ostegunean, apirilaren 8an, Kurtzeko plazan 13:00etan hasi eta Elexalde auzoan 17:20 inguruan amaituko delarik. Lasterketaren igarotzeak trafiko mozketak eta aparkaleku murrizketak ekarriko ditu herriko hainbat gunetan, segurtasuna bermatzeko eta logistika errazteko.
Trafikoari dagokionez, asteazkenetik, apirilaren 7tik, 16:00etatik osteguneko 20:00ak arte, eraginak izango dira Juan Bautista Uriarte kalean eta Elexalden. Udalak herritarrei gomendatzen die ahal den neurrian gune horietatik ez ibiltzeko. Gainera, Lapurdi eta Euskadi kaleak itxita egongo dira trafikoarentzat asteazkeneko 7:00etatik aurrera, garajeetarako sarbidea izan ezik.
Aparkalekuei dagokienez, asteazkeneko 12:00etatik aurrera debekatuta egongo da udaletxe aurreko eta Lapurdi kaleko aparkalekuetan, baita Juan Bautista Uriarte kalean eta Elexalde auzo osoan ere aparkatzea. Neurri hauek lasterketaren segurtasuna eta antolaketa errazteko hartu dira.




