Txapelketa martxoaren 15ean hasi zen, eta orain bere azken fasera iritsi da. Bizkaia da ordezkaritza handiena duen lurraldea, 32 final jokatuko baititu ezker horman eta lau trinketean. Nafarroak, berriz, 28 final jokatuko ditu ezker horman eta hamar trinketean.
Beste lurralde batzuek ere izango dute ordezkaritza: Gipuzkoak 22 final ezker horman eta bost trinketean; Iparraldek bi ezker horman eta hamaika trinketean; Arabak lau ezker horman eta hiru trinketean; eta Errioxak bi ezker horman eta bat trinketean.
Final guztien artean, garrantzi berezia izango du ostegunean Sestaoko Las Llanas frontoian jokatuko den jaialdiak. 19:30etik aurrera, paleta larruzko eta pala motzeko senior finalak jokatuko dira, ETB-ON kateak zuzenean eskainiko dituenak. Paleta larruzko senior kategorian Gipuzkoa eta Nafarroa lehiatuko dira, eta pala motzeko senior kategorian Bizkaia eta Nafarroa.




