Denboraldi erregularra amaitu ondoren, Bigarren FEB Mailako lehen zortzi taldeak liga kanporaketetan murgilduko dira. Horien artean dago Biele ISB, sailkapenean hirugarren postuan amaitu duena. Lehen kanporaketan, Lobe Huesca La Magia taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Huescako taldea zazpigarren izan baita ligan.
Kanporaketa joaneko eta itzulerako partidez osatuta egongo da. Taldeak Huescan jokatuko du lehen neurketa larunbatean, 20:15ean, eta itzulerako partida maiatzaren 3an izango da Azpeitian, 18:00etan. Bi partidetako emaitzak batuta erabakiko da zein taldek egingo duen aurrera final-laurdenetara.
“"Oso gustura gaude, liga erregular oso ona egin dugu eta. Lehen itzulia hobeezina izan zen, are hiru jokalarik belauneko lotailu gurutzatua hautsi zutela kontuan hartuta. Lesio horien eraginez, taldea desmuntatu zitzaigun, baina egoera horri aurre egiteko gai izan ginen, eta taldea indartuta atera zen."
Taldeko entrenatzaileak denboraldiaren balorazio positiboa egin du, nahiz eta urtarrilean lau porrot jarraian jasan zituzten. Bolada txar horrek lehen postuagatik borrokatzea eragotzi ziela adierazi du, baina azken hilabetean lau garaipen jarraian lortu dituzte, taldea une onean dagoela erakutsiz. Entrenatzaileak adierazi duenez, taldearen helburua argia da: mailaz igotzea.
Lobe Huesca La Magia taldeak esperientzia du igoera kanporaketetan, iaz Lehen FEB Mailara igotzeko finala jokatu baitzuen. Entrenatzaileak errespetu handia dio aurkariari, eta haien joko azkarra eta moldaerraza kontrolpean izatearen garrantzia azpimarratu du, batez ere jaurtitzaile onak eta uztaipeko gizon handiak dituztelako.
Bestalde, Domusa Teknik ISB emakumezkoen taldeak liga erregularreko azken partida jokatuko du larunbatean Bartzelonan, 19:00etan. Kanporaketetarako sailkatzeko garaipena lortu beharko dute, edo Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen porrotaren zain egon. Entrenatzaileak adierazi du taldea bolada onean dagoela, azken bost partidetatik lau irabazi baitituzte, eta fisikoki aurkaria baino hobeto daudela uste du.




