Maiatzaren 16an, ostirala, eguna luzea eta gorabeheratsua izan zen Dabadabako kontzertura iritsi aurretik. Goizean berandu hasi, auto-matxura bat, ponentzia bat, plan-aldaketa, euria, bateriarik gabe geratu eta autoa aldatu behar izan ondoren, pintxoak jan eta bazkaldu ondoren, beste matxura bat izan eta konpondu ostean, elkarrizketa polit batzuk egin eta pote batzuk hartu ondoren iritsi ziren Dabadabara.
Barrrk taldeak eman zion hasiera emanaldiari. Aretoa udako pelikula erromantiko baten eszena maitagarri bat zirudien, iluntzeko eguzkitan grabatua. Taldeak giro alaia sortu zuen, Keler botila bat zeruratuz eta bizitzaren edertasuna ospatuz, taldearen abesti ezagunaren errepika bat kantatuz, ingelesez gainera.
Mostaza Karizia taldearekin giroa erabat aldatu zen, errealitate itxura handiagoa hartuz. Lasarte-Orietako gazte-talde honek punka jotzen du, eta hori argi geratu zen bai musikaren, bai janzkeren eta bai jarreren bidez. Baxu, gitarra, bateria eta abeslari formatuari teklatua gehitzeak freskotasun berezia eman zion proposamenari, gazteen egunerokotasunari, kezkei eta txantxei buruzko abesti dibertigarri eta autentikoak eskainiz. Prison Affair taldearen aurretik jotzeko egokia izan zen, estilo eta giro aldetik.
Kataluniarrak, Prison Affair, oholtzaratu zirenean, agertokiaren atzeko paretan zeuden bisualak bereziak ziren, falozentrikoak oro har. Zakilak, irudietan, kamisetetetan eta hitzetan presente egoteak xelebrekeria sortzen zuen, jolas moduan, zakila erdigune izate hori barregarri uzteko edo gorazarre egiteko, inolako disimulurik gabe.
Alvaro, Adri eta Rafa taldekideen flow-a 'skineto ravero' gisa definitu daiteke. Oi! talde bateko kideen janzkera, baina parking bateko parranda batean aurkitu ahalko zenukeen parrandazaleen zantzu txiki batzuekin. Beraien musika ere antzekoa izan liteke. Lehen riffak eztandarazi zuen Dabadaba, bost kantu jarraian dantza eten gabe. Aurkezpen xume baten ondoren, kartzelari buruzko aipuak eta 'Apuñalamiento, pero entre colegas' abestia. Zoramena, oinak sabaira eta kontzertu osoan iraun zuen buru, esku eta hanken joan-etorri frenetikoa. 'Gora zakil lodiak, eta hil dadila Polizia' lelopean, morreo espontaneo bat eta azken riffak izan ziren emanaldiaren amaiera.




