Aurten ere, Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kooperatibak elkarlanean antolatu dituzte sorkuntza bekak, kultur proiektuak garatzen laguntzeko. 2017az geroztik ematen dira, eta aurten, lehen aldiz, Xabier Aranbarri Sorkuntza Bekak izena hartu dute, Kulturaz kooperatibako kudeatzaile zenaren omenez.
Deialdira aurkeztutako 10 egitasmoetatik zazpi hautatu dituzte. Guztira, 20.000 euro banatu ditu udalak artisten artean. Laguntzak bi modalitatetan banatu dira: 12.000 euro kultur sorkuntzaren modalitaterako eta 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitaterako, azken honetan 4.000 euroko bi beka emanez.
Lehen modalitatean, 'Fake' (Iñaki Andres, Olatz Aguado eta Edurne Nuñez), 'Poema liburu ilustratua' (Irati Gallastegi eta Izei Gallastegi), 'Hau ez da pareta bat' (Ane Odriozola eta Irati Oskoz), 'Etxe bat basoan...' (Aiora Urbieta) eta 'Hitzaldia' (Joanes Karrera) proiektuek jaso dute laguntza. Bigarren modalitatean, berriz, '(Min)tzaira' (Nahia Sillero) eta 'Festa bukatzean' (Itziar Manero eta Libe Estebaranz) proiektuak aukeratu dituzte.
Bekadunek Dinamoa sormen gunean jasoko dute laguntza eta aholkularitza, baita bertako espazio eta baliabideak erabiltzeko aukera ere. Proiektuak garatu ondoren, publikoaren aurrean erakusteko aukera izango dute.
'Fake' proiektuak egiaren eta faltsutasunaren arteko mugak aztertuko ditu sare sozialen inguruan. 'Poema liburu ilustratua' gazteen begiradatik idatzitako lan bat izango da, ilustrazioekin. 'Hau ez da pareta bat' kale interbentzio artistikoak proposatzen ditu, eta 'Etxe bat basoan...' arbasoen sendabelarren jakintzari eta pigmentu naturalekin egindako arte jasangarriari egingo dio omenaldi. 'Hitzaldia', berriz, galera, heriotza eta zaurgarritasunaren inguruko esperimentazioa landuko du, euskal mitologiaren lengoaia garaikidea erabiliz.
Egonaldi modalitatean, '(Min)tzaira' ikuskizuna poesia eszenikoa eta soinu konposaketa uztartuko ditu, euskara ardatz hartuta. 'Festa bukatzean' proiektuak 60ko eta 70eko hamarkadetako Euskal Kantagintza Berriari buruzko hausnarketa egingo du, antzerki dokumentala, soinu-collagea eta musika elektronikoa nahastuz.




