Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailak antolatutako jardunaldi honek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko hiru gune parte-hartzailetan egingo da. Helburua ongizate emozionala sustatzea, mugikorrak elkarbizitzan duen eraginaz jabetzea eta orientazio digital positiboa bultzatzea da.
Sailak adierazi duenez, ekimenak "pausa kontziente eta borondatezkoa" izan nahi du, hiperkonektatutako mundu honetan, non mugikorra gure eguneroko bizitzaren parte den. "Informatzen gaitu, konektatzen gaitu eta zeregin asko errazten dizkigu. Baina batzuetan, konturatu gabe, gertuen ditugunengandik urruntzen gaitu", gaineratu dute.
Aitek eta amek sare sozialekin ematen dugun adibidea ere garrantzitsua da. Haurrek askotan imitatzen dute gurasoek etxean mugikorrarekin egiten dutena.
Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu duenez, familien eta administrazioaren kezka nagusietako bat adingabeen babesa da, batez ere pantaila digitalen gehiegizko erabileraren ondoriozko jokabideen aurrean. Ikerketa batzuen datuak "kezkagarriak" direla esan du, eta gai honetan lanean jarraitzearen beharra azpimarratu du. Sailburuak nabarmendu du erantzukizuna ez dela hezkuntza-sistemaren esku soilik, familiek funtsezko zeregina baitute.
Jarduera doakoa da eta herritar guztiei irekita dago. Parte-hartzaileei mugikorrak poltsa seguru eta zainduetan uzteko gonbita egingo zaie ordu batzuetan. Guneak 11:00etatik 19:00etara egongo dira irekita, eta langile kualifikatuek hartuko dituzte parte-hartzaileak, konfiantzazko giroa sortzeko eta dinamikak familia aniztasunera egokitzeko.
Familiek konpromiso sinboliko bat sinatu ahal izango dute, partekatutako uneak lehenesteko, teknologiaren erabilera arduratsuarekin adibidea emateko, pantailarik gabeko jarduerak sustatzeko eta mugikorraren erabilerari buruzko akordio argiak ezartzeko. Ekimen hau Euskadiko Familien, Haurren eta Nerabeen V. Planaren barruan kokatzen da, familia-ingurune osasungarriak eta teknologien erabilera orekatua sustatzen dituena.




