Bidasoaldeko haur, gazte zein helduek aukera izango dute irailaren 16tik aurrera izena emateko. Helburua bertsolaritza ezagutzea, ikastea edo sakontzea da, hainbat taldetan banatuta.
Haur eta gazteen taldeetan, bertsogintzaren oinarriak eta sormena lantzeko aukera egongo da, jolasaren bitartez. Helduen kasuan, berriz, bi motatako taldeak eskainiko dira: hasiberrientzako ikastaroak eta jada trebatuta dauden bertsozaleentzako saioak prestatzeko edota gehiago trebatzeko taldeak.
Interesa dutenek Irunabarren webgunean (www.irunabar.eus) edo elkartearekin zuzenean harremanetan jarriz formalizatu dezakete inskripzioa. Antolatzaileek bertsoaren inguruko giroaz gozatzera eta Bidasoaldeko bertsolaritza komunitatea indartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak.
Bestalde, Irunabarrek tokiko hedabideekin duen elkarlana mantenduko du. Irunero aldizkarian urritik ekainera bitarte hilero bertso-sorta berriak argitaratuko ditu, hamargarren urtez. Bidasoko Hitza-rekin ere zortzigarren urtez jarraituko du, hilabete bakoitzeko azken ostiralean bertso-jarriak argitaratuz irailetik ekainera. Lan guztiak Irunabarren webgunean bilduko dira, eta musikatutakoak Ivoox kanalean entzun ahal izango dira.




