Hondarribia k bere Pil-Pil Bakailao Txapelketaren XVII. edizioa ospatuko du datorren larunbatean, Damarri plazan. Ekitaldia Zumardikoak elkarteak antolatzen du, eta jada dozena bat bikotek eman dute izena. Parte hartu nahi dutenek ostiralera arte dute aukera, 621 154 622 telefono zenbakira deituta.
Parte-hartzaile bakoitzak bere osagaiak eta materialak eraman beharko ditu. 09:00etan hasiko dira platera prestatzen, eta 12:30ean aurkeztu beharko dute kazuelak epaimahaiaren aurrean. Epaimahaia Gorka Txapartegi (Alameda), Iñaki Gezala (Batzokia), Amaia Urdangarin (Badia), Xabi Eizagirre (Arraunlari Berri), Mikaela Pop (Mika) eta Jon eta Arantxa Ayala (Laia) sukaldariek osatuko dute.
Lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuek txapela eta otarra jasoko dituzte, baina parte-hartzaile guztiek izango dituzte sariak, besteak beste, Jaun Jose Lapitzen liburu bat oroigarri moduan. Ekitaldiaren ostean, Batzokian herri-bazkaria egingo dute parte-hartzaile, laguntzaile eta herritarrentzat. Lekua erreserbatzeko aurretik aipatutako telefonora deitu beharko da, eta bazkalostean DJ Kanupi arituko da giroa alaitzen.
Iñaki Gezala, Batzokiko sukaldari eta elkarteko kideak, azaldu duenez, aurtengoa Miguel Tovar en oroimenez egindako bigarren edizioa da. Tovarrek, txapelketaren hastapenetan parte hartu zuen eta 2025ean zendu ostean, Zumardikoak elkarteak haren oroimena bizirik mantendu nahi du ekitaldi honen bitartez.
Gezalaren arabera, txapelketa hau da elkarteak antolatzen duen hitzordu garrantzitsuena. «Izugarria izaten da parte-hartzaileen urduritasuna eta tentsioa», adierazi du, pil-pilak duen zailtasuna dela eta, denbora eta pazientzia eskatzen duen teknika baita. Sukaldariak gako nagusitzat jotzen ditu «bakailao eta olio on bat» edukitzea eta suaren tenperatura kontrolatzea, olioak gehiegi berotzen bada saltsa lotzea zailagoa baita.
Txapelketa abuztuaren erdialdean izan arren, «giro polita» sortzen dela dio Gezalak, eta azken urteetan gero eta gazte eta emakume gehiago animatzen direla parte hartzera. «Pandemiaren ostean zaila egiten zitzaigun jende gaztea mugiaraztea, baina pixkanaka animatzen ari dira eta, ildo horretan, oso aberasgarria izaten ari da», gaineratu du.




