Hondarribia, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, apirilaren 18an, Kopako Finalaren egunean, fan zone bat antolatuko duen bost udalerrietako bat izango da. Ekimen honen helburua da kirol ekitaldiaren giroa Gipuzkoako hainbat udalerritara hurbiltzea eta futbolaren inguruan topaguneak, ospakizunak eta elkarbizitza guneak sortzea.
Itxaropena Tabernaren eta Peña Realzale Basque Txuriurdinaren laguntza du ekimenak. Foru aldetik, Kirol Departamentuaz gain, Jasangarritasun Departamentuak (merchandising-a emango du) eta Mugikortasun Departamentuak (garraio publiko zerbitzuak indartuko ditu) ere parte hartzen dute.
“"Kirola gizarte kohesiorako, identitate partekaturako eta elkarbizitzarako tresna da. Erakunde publikoetatik ere gure egitekoa da horrelako gertaera handiak lurralde osoan modu eskuragarrian, seguruan eta aukera berdintasunean gozatzeko baldintzak sortzea."
Hondarribiko alkateak, Igor Enparanek, azaldu duenez, proposamena Hondarribiko Peña Realzalearen eta Itxaropena tabernaren eskutik sortu zen. Udalak bi aldeekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri zen, ekimena elkarrekin antolatzeko. Enparanek eskerrak eman dizkie inplikazioagatik eta lankidetzagatik, egun hau Hondarribian ere ospatu ahal izateko.
Peña Realzale Basque Txuriurdineko Ioritz Mendikutek azpimarratu du jasotako laguntza instituzionala. Iván Saenzek, Itxaropena tabernakoak, ekimen hauen garrantzia nabarmendu du udalerriarentzat, Realak ez baitu urtero horrelako final batera iristen, eta Hondarribia dinamizatzeko eta elkarrekin gozatzeko aukera ona dela adierazi du.
Aurreikusitako programazioak kale animazioa, adin guztietarako jarduerak eta partidaren zuzeneko emankizuna uztartuko ditu fan zone bakoitzean jarritako pantaila erraldoietan. Eguerdian eta 17:30etik 19:30era bitartean, txaranga batek udalerriko kaleak zeharkatuko ditu giroa berotzeko. 19:30etik 20:30era, animazioak fan zonean jarraituko du, non partidaren aurreko jarduera kontzentratuko den eta pantaila erraldoiak egongo diren finala jarraitzeko, 21:00etan hasiko dena.




