Ekimenaren helburua da lurralde hauetan gizarte-kohesioa sustatzea, kultura- eta identitate-ondarea zaintzea eta jarduera ekonomikoa bultzatzea. Deialdian sartutako landa- edo itsasertzeko eremuetan ekitaldiak sustatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek, publiko zein pribatuek, eskatu ahal izango dute laguntza. Orozko, adibidez, II. eranskinean agertzen da, bertako hainbat gune kalifikazio desberdinekin sailkatuta.
Diruz lagun daitezkeen jardueren artean daude landa-ondare kulturala eta identitarioa zaintzen laguntzen dutenak, landa-eremuak berreskuratu eta zabaltzen dituztenak, gastronomia eta landa-turismoa sustatzen dituztenak edo ekonomia dibertsifikatzen dutenak. Era berean, despopulazioaren eta zahartzearen aurkako ekimenak jasotzen dira, baita gazteen sarrera eta familien finkapena sustatzekoak ere. Aldiz, baztertuta geratzen dira tokiko jaiak eta toki-erakundeek antolatutako urteroko programazioaren parte diren jarduerak.
Laguntzak jardueraren kostu osoaren %60 arte estali ahal izango du, gehienez 15.000 euro proiektu bakoitzeko. Deialdiaren aurrekontu orokorra 200.000 eurokoa da. Ekitaldiak 2026an zehar garatu beharko dira eta pertsona edo erakunde eskatzaile bakoitzak ekitaldi bakarrerako jaso ahal izango du dirulaguntza.
Eskaerak azaroaren 14tik aurrera aurkezteko aukera egongo da. Epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, baldin eta eskuragarri dagoen aurrekontua lehenago agortzen ez bada. Espedienteak aurkezpen-ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, behar bezala beteta badaude.
Informazio guztia eta eskaera-prozedura Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1017307




