Ekimen honek, helduentzat zein haurrentzat pentsatua, Ibilaldia ospatuko den asteburuan izango du lekua: maiatzaren 30ean haur eta gaztetxoen txanda izango da, eta maiatzaren 31ean, Ibilaldiaren egunean, helduena.
Kirikiño Ikastolatik adierazi dutenez, proposamen berriaren helburua argia da: euskararen aldeko jaiaren giroa, euskal kultura eta komunitatearen bizitza sormenaren bidez islatzea, eta artea jaialdiaren parte aktibo bihurtzea. Ekimenak Ibilaldia sendotu nahi du adin guztietarako espazio sortzaile eta parte hartzaile gisa.
Helduentzako pintura lehiaketa maiatzaren 31ean egingo da. Parte hartzaileek Ibilaldiaren esparruan bertan margotuko dute, jaialdiaren giroa, paisaiak eta bizipenak zuzenean jasoz. Lehiaketa banakakoa izango da, eta gehienez 100 lagunek hartu ahal izango dute parte. Izen-ematea egunean bertan egin daiteke, edo aurrez maiatzaren 10era arte. Jardunaldia 11:00etatik 17:00etara luzatuko da, eta lanak epe horren barruan entregatu beharko dira. Epaimahaiak 18:00etan emango du erabakiaren berri.
Haur eta gaztetxoentzako lehiaketa maiatzaren 30ean izango da. Kategoria honetan, parte hartzaileek aurrez jasotako laminetan egingo dituzte margolanak. Laminak maiatzaren 18ko astean banatuko dira. Lanak maiatzaren 30ean entregatu beharko dira Kirikiño Ikastolan 17:00etatik 18:00ra bitartean. Sari banaketa 19:00etan egingo da, eta aurkeztutako lan guztiak ikusgai egongo dira ikastolan, bai egun horretan bai Ibilaldiaren egunean.
“"Euskara Mila Koloretan ekimenak Ibilaldia beste maila batera eramaten du, kultura, sormena eta parte hartzea uztartzen dituen topagune bihurtuz. Aurtengo edizioak aukera emango du Ibilaldia ikuspegi pertsonal eta kolektiboetatik bizitzeko, kolorez, euskaraz eta artez."
Lehiaketen oinarriak eta izen-emateari buruzko informazio guztia ibilaldia.eus/euskaramilakoloretan webgunean dago eskuragarri.




