Gasteiz Antiarrazistak taldeak kontzentrazio bat antolatu du ostegun arratsalderako, "Arrazakeriari stop! Elkartasuna URSSA eta EGAko bizilagunekin" lelopean. Igandean, Salburuko Harrera Sareak deituta, Espainiako Poliziaren komisaria aurrean hilabeteak daramatzaten 50 asilo eskatzaileen egoera larriagotu egingo dela salatuko dute.
Asteazkenean, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak osatutako 70 agentek parte hartu zuten operazio batean, URSSA eta EGA fabrikak miatu eta bertan bizi diren etxegabeak identifikatzeko. Operazioan, 120 pertsona inguru identifikatu zituzten, eta batzuei Atzerritartasun Bulegoan aurkezteko hitzordua eman zieten.
Gasteiz Antiarrazistak taldeak salatu duenez, "URSSAN eta EGAn bizi diren pertsonek eraso arrazista bat pairatu dute, beste behin ere. Poliziaren eta komunikabideen laguntzaz Gasteizko Udalak bortizki jazarri zaie bertan bizi diren ehunka pertsonei". Mobilizazioa Plaza Berrian izango da, 19:30ean.
URSSA eta EGA fabriketan kale egoeran dauden dozenaka pertsona bizi dira. Azken asteotan, hainbat gertakari eta salaketa izan dira inguru horretan, besteak beste, Errekaleorrek auzokideei egindako erasoak eta Ertzaintzaren parte-hartzea salatu izana. Horrez gain, zenbait komunikabidek eta ordezkari politikok bertan bizi diren pertsonak lapurretekin edo gatazkekin erlazionatu dituzte.
Bestalde, hilabeteak dira Malitik heldutako dozenaka herritar Espainiako Poliziaren aurrean bizi direla asiloa eskatzen dutenak. Salburuko Harrera Sareak ohartarazi du igandetik aurrera 50 asilo-eskatzaile kale gorrian geratuko direla, baliabideak amaitzen ari direlako. "Erakundeek abandonatuta. Konponbidea orain!" lelopean mobilizazioa deitu dute Martxoak 8 etorbideko biribilgunean.




