Noemí Aguirre foru-diputatuak azpimarratu duenez, misioak aukera eman die nekazariei "lurretik bertatik ikusteko beste lurralde europar batzuk nola ari diren aurre egiten gure nekazaritza-agenda osatzen duten arazoei". Taldeak "ideiak, erreferentziak eta ikasgaiak" ekarri ditu Arabara, bertako errealitate produktiboarekin aztertu beharko direnak.
Misioa oso praktikoa izan dela adierazi du Agirrek, kooperatibak, ikerketa aplikatuko zentroak eta erakundeetako arduradunak bisitatuz. "Ez da ereduak kopiatzea, baizik eta funtzionatzen duten esperientziak ezagutzea, lurraldeko nekazariekin kontrastatzea eta gure lehen sektorea modernizatzen jarraitzeko lagun diezaguketen elementuak baloratzea", gaineratu du.
Bidaiaren lehenengo partea Herbehereetan gauzatu zen, non Agrico eta HZPC enpresak bisitatu zituzten, patata-hazietan, barietateen hobekuntzan eta sektorearen antolaketan erreferente direnak. Bertan, ekoizleen arteko lankidetza, ziurtapena, aholkularitza teknikoa, berrikuntza agronomikoa, merkaturatzea eta merkatu-baldintza ezberdinetara egokitutako barietate berrien garapena bezalako ereduak ezagutu zituen delegazioak.
Bidaiaren erdialdea Flandesen (Belgika) izan zen, non Proefstation voor de Groenteteelt (Sint-Katelijne-Waver) eta Via Verda (Destelbergen) zentroak bisitatu zituzten. Bi zentro hauek ikerketa praktikoan, erakustaldietan eta ezagutzaren transferentzian espezializatuta daude.
Proefstation voor de Groenteteelt zentroan, taldeak esperientziak ezagutu zituen barazki-ekoizpenari, hazkuntza-sistemei, uraren kudeaketari, ureztatze-probei eta ustiategien beharrizan errealetara egokitutako soluzioak bilatzeari buruzkoak. Bisitak azterketa, aholkularitza teknikoa eta nekazaritza-praktika uztartzearen garrantzia nabarmendu zuen, laboreen produktibitatea eta iraunkortasuna hobetzeko.
Agirrek nabarmendu duenez, bisita hau bereziki garrantzitsua da Arabarentzat, "uraren kudeaketa eraginkorra baita gure ustiategien egungo eta etorkizuneko erronka nagusietako bat". "Nola lan egiten duten beste lurralde batzuetan ureztatzearen, proben eta aholkularitza teknikoaren arloan ezagutzeak gure ikuspegia zabaltzen eta gure estrategiak indartzen laguntzen digu", esan du.




