Kirol honek indar, sendotasun eta erresistentzia handia eskatzen die parte-hartzaileei, oztopo ugari gainditu behar baitituzte. Amurrioarrarentzat erronka handia izan zen, kontinenteko atleta onenekin indarrak neurtu baitzituen.
“"Lasterketa buru hotzez planteatu nuen, indarrak azken zatirako gordez; izan ere, bertan 10 oztopoko multzo bat genuen, besaurreak sutan uzten zituena."
Oro har, pozik amaitu zuen txapelketa, sailkapenean sartu baitzen, nahiz eta uste zuen trailaren partean hobeto egin zezakeela. Hurrengo urtean Estonian egotea espero du txapelketan eta orduan gehiago arriskatzen saiatuko da. Momentuz, han eta Munduko Txapelketan egoteko Espainiako Liga irabazi beharko du, eta gaur gaurkoz lehen sailkatua da eta iaz irabazlea izan zen.
Mikel Jon Lara Fernandezek aitortu du kirola ezagutu zuela bere bizitzako une kritiko batean, depresioa pairatzen ari baitzen. OCR lasterketa batean parte hartu eta gero, bere harremana buruarekin eta gorputzarekin hobetzen joan zen, eta emaitza onak ere lortu zituen. Horren ondorioz, OCR Araba taldeak fitxatu zuen, eta iaz Logroñon Espainiako Txapelketako onena izan zen AG Elite kategorian.
Irungo hitzorduak hautsak harrotu zituen egun batzuk lehenago, Israelgo Taldeak parte hartzeko asmoa baitzuen. Boikot kanpainaren ondorioz, taldea kanporatua izan zen. Mikel Jon Lara Fernandezek azaldu du kirolariak horren jakitun zirela, baina azkenean Israel taldekako probatik kanporatu zutela eta ez zela polemika gehiagorik izan.




