Urduñan aurkeztutako txosten honek EAEko landa-eremuan bizi diren gazteek emantzipatzeko dituzten baldintzak eta beharrak aztertzen ditu. Helburua da erakundeei lan-oinarri bat eskaintzea, udalerrien errealitate zehatzetara egokitutako erantzunak bideratzeko.
“"Landa-eremuko gazteen emantzipazioari erakundearteko eta zeharkako ikuspegi batetik heltzeko beharra dago."
Ikerketak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi eskualdetan egin ditu galdeketak, elkarrizketak eta tailerrak, 18 eta 34 urte bitarteko gazteekin eta baita eragile eta teknikariek ere. Emaitzek erakusten dute etxebizitza dela muga nagusia, enplegua izatea ez dela nahikoa, familiaren laguntzaren mendekotasuna dagoela eta autonomia eta proiektu propio baten desira handia dela.
Datu esanguratsuenen artean, gazteen %51,9k nahiago luke bere udalerrian emantzipatu, eta %20,7k inguruko antzeko herriak aukeratuko lituzke. Kontrara, %6,7k soilik egingo luke hirira joatearen alde. Horrek gazteek beren lurraldearekin duten lotura estua agerian uzten du, eta sustraitzea politika publikoak diseinatzeko elementu garrantzitsutzat jotzen da.
EAEko gazteen emantzipazio datuak kezkagarriak dira: gazteen %31 baino ez dago emantzipaturik, eta batez beste ia 30 urterekin lortzen dute hori. Hamar gaztetik zazpik aitortzen du bizitza autonomoko proiektu bat izateko egiturazko arazoak daudela, eta hori are nabarmenagoa da landa-eremuetan. Bertan, ikerketan parte hartu duten gazteen %91,8k adierazi du ez dutela emantzipatzeko aukerarik.
Emantzipatzea lortzen dutenen artean, familiaren laguntza funtsezkoa da, elkarrizketatuen erdiari baino gehiagori laguntzen baitie. Hala ere, ikerlanak azpimarratzen du emantzipazioa ezin dela familia bakoitzaren laguntza-gaitasunean oinarritu, horrek desberdintasunak sor ditzakeelako. Horregatik, Jaurlaritzak uste du diagnostiko hau abiapuntu izan daitekeela gazteen emantzipazio-politiketan aurrera egiteko, udalen, foru aldundien eta tokiko eragileen lankidetzarekin.




