Deialdi honek 20.000 euroko zuzkidura du guztira, eta hautatutako proiektuek 4.000 eurorainoko laguntzak eta aholkularitza profesionala jasoko dituzte. Interesa dutenek ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak.
Programa euskarazko ahozko adierazpenarekin eta hizkuntza horretako kulturaren sustapenarekin lotutako proiektuei zuzenduta dago. Proposamenek hainbat formatutakoak izan daitezke, hala nola antzerkia, musika, bakarrizketa, poesia-errezitaldia, bertsolaritza edo ikus-entzunezkoak, eta genero bat baino gehiago ere uztartu ahal izango dituzte. Hala ere, formatu txikiko jarduerak lehenetsiko dira.
Deialdiak bi adin-tarte aurreikusten ditu: bata 16 eta 24 urte artekoentzat, eta bestea 25 eta 35 urte artekoentzat. Parte-hartzea banaka edo taldean egin ahal izango da, betiere eskatzaileak Vitoria-Gasteizen edo Araban erroldatuta badaude. Proiektuak San Martingo Bulego Teknikoetan, gizarte-etxeetako Herritarren Arretarako Bulegoetan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira. Adingabeek, gainera, aita, ama edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.
2025eko edizioan, 14 gaztek hartu zuten parte, eta guztira 11 proiektu aurkeztu ziren. Hautatutako lanak apiriletik irailera bitartean aurkeztuko dira Gasteizko hainbat gunetan. Horien artean daude Bi Rotxa podcasta Baratza aretoan, Kutxatu Gasteiz egitasmoaren aurkezpena Aldabe gizarte-etxean, Garun Null proiektuaren estreinaldia Izaskun Arrue Kulturgunean, baita Bizitza baten koplak bakarrizketa eta Doluak diskoaren aurkezpena ere.




