Gasteizko kaleek eta plazek bihar, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna ospatuko dute, munduan zehar zabaltzen ari den erreakzio olatuaren testuinguruan.
Eguneko ekitaldi nagusia, manifestazioa, eguerdian abiatuko da Plaza Bitan. Martxak LGTBIQ+ komunitatearen aurkako indarkeriak salatuko ditu, "Autoritarismo arrazistaren aurrean, kuir antolakuntza" lelopean.
Aurten, sei kolektibo ezberdin batu dira manifestazioaren deialdira: Lumagorri ZAT, Global Sumud Flotilla Euskal Herria, Euskal Herrian Euskaraz, Gasteiz Antirrazista, Gasteizko Mugimendu Feminista eta Eginaren Eginez.
Arratsaldeko 13:00etatik aurrera, Gayen Artean eta Sidálava kolektiboek ere Harrotasuna ospatuko dute San Bizente aldapan dagoen Farolón ezagunean. Bertan, Andriginia eta Andrea Oliveira artisten emanaldiak izango dira, eta material prebentiboa banatuko dute.
Atzo, Gasteizko Udalak bere fatxadan LGTBIQ+ bandera berria jarri zuen, aniztasunarekin, berdintasunarekin eta errespetuarekin duen konpromisoa berresteko. Bandera berriak trans komunitatea, pertsona arrazializatuak eta intersexualak ere biltzen ditu.
Udalak, gainera, adierazpen instituzional bat onartu du LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgarritasuna eta babesa sustatzeko, bereziki "egoera zaurgarriagoan bizi direnentzat". Adierazpenak azpimarratzen du espazio publiko guztiek "pertsona guztiek berdintasunez existitzeko eta parte hartzeko" aukera eman behar dutela.
Testuak gogorarazten du "aniztasuna ez dela mehatxu bat, ezta salbuespen bat ere: gizarte errealitate bat eta kolektiboki aberasten gaituen balio bat da". "Irekiagoak, demokratikoagoak eta gizatiarragoak egiten gaitu. Horregatik, ekainaren 28an ahotsa altxatzea beharrezkoa da, ospatzea ere erresistentzia delako."
Bestalde, Arabako Batzar Nagusiek ere berretsi dute "berdintasunaren, funtsezko eskubideen, askatasunaren, errespetuaren, aniztasunaren eta sexu orientazioaren eta genero identitatearen araberako diskriminaziorik ezaren defentsarako" duten konpromisoa. Erakunde foralaren egoitzaren fatxada, gainera, ostiraletik aurrera, ostadarraren koloreekin argiztatuta egon da.




