Burdinola elkarteak urteroko irteera antolatu du Arabara

Legazpiko elkarteak ekainaren 13an egingo duen txangoan Estibalitz, lautadako baselizak eta Agurain bisitatuko dituzte.

Irudi generikoa Euskal Herriko udaletxe baten fatxada harrizkoa, balkoi eta burdin hesiekin, arratsaldeko eguzki argitan.
IA

Irudi generikoa Euskal Herriko udaletxe baten fatxada harrizkoa, balkoi eta burdin hesiekin, arratsaldeko eguzki argitan.

Legazpiko Burdinola elkarteak urteroko irteera antolatu du aurten Arabara, ekainaren 13an. Egun osoko txangoan, bisita gidatuak izango dituzte.

Aurtengo urteroko irteera Arabara zuzenduko da, Burdinola elkarteak antolatuta. Ekainaren 13an izango da, eta egun osoko txangoan Estibalitzeko monasterioa, lautadako baselizak eta Agurain ezagutuko dituzte bertaratuek. Irteeran, Arabako erromanikoan eta Erdi Aroan adituak diren gidariak izango dira lagun.
Goizean, Euskal Herriko erromanikoko harribitxitzat jotzen den Estibalitzeko monasterioa bisitatuko dute. Ondoren, Gazeo eta Alaitza ko eliza margotuak ikusiko dituzte. Bazkaria Agurainen izango da, eta arratsaldean, herriko Erdi Aroko aztarnak ezagutuko dituzte. Legazpira 20:00ak aldera itzuliko dira.
Txangoaren prezioa 60 eurokoa da, eta dena barne hartzen du. Ordainketa eskudirutan egin beharko da autobusera igotzean. Irteera hau elkarteko bazkideentzat zein gainerako herritarrentzat dago zabalik. Izena emateko azken eguna larunbata da, hilaren 30a. Horretarako, burdinolaelkartea@gmail.com helbidera idatzi edo Kale Nagusiko Juan Kruz ile apaindegira jo behar da.
Burdinola elkarteak Txinpartak aldizkariaren 52. ale berria kaleratu berri du. Bazkideek jada jasota dute, eta laster bertsio digitalean ere eskuragarri egongo da. Zenbaki honetan, Aitor Martinez Lopez de Arbina legazpiar artistaren elkarrizketa eta Migel Angel Alvarez margolariaren inguruko erreportajea jaso dira, besteak beste.