Ekimen honek aisialdia, ingurumen hezkuntza eta lurraldeko natur ondarearen dibulgazioa uztartzen ditu. Jarduerak apirilaren 18an hasiko dira Valderejo parke naturalean, Lalastrako Parketxean, hegazti alpinoei buruzko bisita gidatu batekin. Parte-hartzaileek espezie horien ekosistemako papera eta klima-aldaketaren aurrean dituzten erronkak ezagutzeko aukera izango dute, bai teoriaren bidez, bai zuzeneko behaketaren bidez.
Aizkorri-Aratz parkean, apirilaren 19an, hegaztien anillamendu zientifikoko tailerra egingo da Araia ko Parketxean. Anillatzaile akreditatu batek gidatuta, jarduera honek hegaztiak harrapatzeko, datu biologikoak biltzeko, anillatzeko eta askatzeko prozesua gertutik ezagutzeko aukera emango du. Helduentzat zein haurrentzat zuzendutako proposamen hezitzaile eta sentsibilizatzailea da, betiere haurrak heldu batekin joan beharko direlarik.
Gorbeia parke naturalean, apirilaren 24an eta 25ean, Anfibioen Gaua ospatuko da Sarria ko Parketxean. Gaueko esperientzia honek planetako ornodun talde mehatxatuenetako bat ezagutzeko aukera emango du. Jardueran zehar, Parketxeko putzua eta Marakalda inguruko hezeguneak bisitatuko dira, non espezie desberdinak beren habitat naturalean behatu ahal izango diren.
Bestalde, Izki parke naturalean hainbat jarduera egingo dira familia publikoarentzat. Apirilaren 18an, Korresko Parketxean, 7 urtetik gorako haurrentzako eskulan tailer bat izango da, non pikotx ertainean inspiratutako mugikor artikulatu bat egingo duten, material naturalak erabiliz eta sormena sustatuz.
Era berean, apirilaren 25erako, Korresko jolas-eremuan zume lehorrarekin eraikitzeko tailer bat antolatu da. Bertan, parte-hartzaileek txabola itxurako egitura bat sortuko dute elkarlanean, naturan material naturalekin txirikordatzeko eta muntatzeko oinarrizko teknikak ikasiz. Jarduera guztiak doakoak dira eta aurrez izena eman behar da parke natural bakoitzaren webguneen bidez.




