Neurri hauek, Ramiro González diputatu nagusiak azaldu duenez, Arabako ekonomia-sarea babestu eta lagundu nahi dute, arreta berezia jarriz enpresa txikiei, mikroenpresei eta autonomoei. Helburua da enpresen diruzaintzan eta likidezian eragin zuzena izatea, finantza-presioa murriztea eta jarduera ekonomikoa eta produktiboa mantentzea bermatzen duten ordainketak lehenestea.
“"Neurri hauek guztiz koherenteak dira foru-erakundeak aurreko gatazketan, hala nola Ukrainakoan, hartutako politikekin, eta gobernu zentralak jada ezarritakoen osagarriak dira."
Aurreko Aste Santua baino lehen hiru foru-aldundiek iragarri bezala, neurri-pakete honek, lehenik eta behin, zerga-zorrak salbuespen gisa atzeratzea dakar, bermerik eta berandutze-interesen sorrerarik gabe. Neurri hau jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen eta mikroenpresen eta enpresa txikien zerga-zorrei aplikatuko zaie, baldin eta borondatezko epean aurkezteko eta ordaintzeko epea araua indarrean sartzen denetik hurrengo hiru hilabeteetan amaitzen bada.
Gainera, Arabak PFEZaren zatikako ordainketak salbuesten ditu jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoentzat. Zehazki, neurria indarrean sartzen denetik hurrengo hiru hilabeteetan borondatezko epean aurkezteko eta ordaintzeko epea amaitzen zaien zatikako ordainketak egiteko betebeharretik salbuetsita egongo dira. Hirugarren neurria eskuratutako aktibo berriei dagokien amortizazio azeleratu apartekoari buruzkoa da. 2026 ekitaldian, Sozietateen gaineko Zergaren zergadunek eskuratutako aktibo berrien kasuan, amortizazio azeleratua (ohiko zenbatekoaren %150ean) fiskalki praktikatzeko eskubidea aitortzen da. Neurri honek jarduera ekonomikoa suspertzeko beharrezko inbertsioak erraztea du helburu.
Dekretuak enplegua sortzeagatiko kenkari handiagoa ere jasotzen du. 2026 ekitaldian, enplegua sortzeagatiko kenkariaren zenbatekoa edo ehunekoa malgutu eta handitzen da, bai Sozietateen gaineko Zergan, bai PFEZean, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunentzat, kenkariaren arabera %10eko igoera baten bidez. Azkenik, BEZaren itzulketak arintzea aurreikusten da epeak laburtuz, enpresei finantzaketa handiagoa emateko helburuarekin, aurreko krisi-egoeretan hartutako neurriekin bat etorriz. Neurri hauek BOTHA n argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean.




