Hamaika egun baino ez dira falta 2026ko Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko. Azken asteetan aurrerapenak eskaini ondoren, antolatzaileek ekainaren 14rako prestatu duten egitarau osoa iragarri dute. Aurten, Aresketa Ikastola indartzeko baliatuko dute hitzordua, goizetik iluntzera arte luzatuko den ekitaldi sorta batekin.
Festa Ikastolan bertan hasiko da 10:00etan, eta ondoren herrigunera zabalduko da. Jarduerak hiru gune nagusitan banatuko dira: bat parkean eta bi Refor kirol-gunearen inguruan. Gune guztietan jan-edana eta bestelako zerbitzuak egongo dira eskuragarri.
Egitarauak dantza ikuskizunak, haurrentzako tailerrak eta jolasak, kalejirak, zumba, Porrotx eta Marimotots, eta herri-kirol erakustaldiak biltzen ditu, adin eta gustu guztietarako jarduerekin.
Musika eskaintza zabalak osatuko du jaia. Hainbat euskal talde arituko dira oholtzan, hala nola EH Sukarra, Ganibet, Nafarroa 1512, Akerbeltz eta Bad Sound. Tokiko taldeek ere izango dute tartea; Belgorri amurrioarrek kontzertua eskainiko dute parkean 14:30ean.
Antolakuntzak asteburu osoan zehar Amurriora bertaratzeko deia luzatu die milaka lagunei. Horretarako, ekainaren 14tik haratago ere hedatu dute programazioa. Ekainaren 12an, ostirala, 'Kantuz taupadak berpiztu!' ikuskizuna izango da Amurrio Antzokian. Larunbatean, berriz, Amurrioko XCO saria, Arabako Herriarteko Euskal Pilotako txapelketaren finala eta Gazte Egunaz gozatzeko aukera izango da.
Taupadak berpiztu!




