Arabako Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu Zambrana ko La Pauleja hezegunearen zaharberritze lanak. Proiektu hau, balio ekologiko handiko gune estrategiko honetan, aurrekontu partehartzaileen esparruan gauzatu da, eta biodibertsitatea sustatzen eta lurraldeko azpiegitura berdeak indartzen laguntzen du, ingurumenaren berreskurapenerako funtsezkoa izanik.
Iñaki Gurtubai, Gobernantza, Euskara eta Berdintasuneko foru-diputatuak, eta Trinidad Zarza, Zambranako alkateak, gunea bisitatu dute egindako lanen emaitzak bertatik bertara ezagutzeko. Gurtubai foru-diputatuak nabarmendu du aurrekontu partehartzaileen bidez gauzatzen diren proiektuen garrantzia, herritarrek zuzenean erabakitzen baitute aurrekontu foralaren zati baten nondik norakoa, ekintza publikoaren protagonista aktibo bihurtuz.
Lanek hezegunearen funtzionaltasuna berreskuratzea izan dute helburu, bertako ur-bilketa ahalmena hobetuz, bere dinamika naturala leheneratuz eta bertako anfibio eta hezeguneetako landareei mesede eginez. La Pauleja, antzinako igerileku bat eta inguruko nekazaritza-erabilerak zirela eta, degradazio egoeran zegoen.
110.000 euroko aurrekontuarekin, egindako esku-hartzeek arboladi aloktonoa selektiboki kentzea eta lurra modelatzea ekarri dute, ura atxikitzeko eta hezegunearen morfologia naturala berreskuratzeko. Era berean, antzinako igerilekua egokitu eta naturarekin integratu da, urmael funtzionalak sortuz. Jarduketa honek habitat garrantzitsuak berreskuratzen eta lurraldearen kalitate ekologikoa hobetzen laguntzen du, baita sentsibilizazio eta baliabide naturalen baliozkotze ekintzetarako aukerak sortuz ere.




