Imanol Lopez puntista zumaiarrak ez du erraz ahaztuko Aitzuri frontoian bizi izandakoa. Iazko urrian iragarri zuen erretiroa hartzeko asmoa, eta bere ibilbide profesionaleko azken partida etxean jokatuko zuela. Santelmoen bueltan ospatzen den Zumaia Master Series zesta punta jaialdian jaurti zituen Lopezek azken pilotakadak frontisera.
Ez hori bakarrik, txapelketa irabazteko parada izan zuen. Aritz Erkiaga Ispasterreko aurrelaria bikotekide zuela, bi jokotan nagusitu zitzaion Jean Olharanek eta Unai Lekerikabeaskoak osatutako bikoteari. Azken tantoa egin bezain laster, emozioek gainezka egin zuten. Lehenik, finalean aritu ziren lagun eta pilotariekin besarkatu zen, eta ondoren, Aitzuriko harmailak bete zituzten pilotazaleen txalo zaparrada amaigabea jaso zuen.
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, ezusteko hunkigarria ere izan zuen: mariatxi talde bat kantxaratu zen Aitzurira. Finalean esatari lanetan aritu zen lagun batek gonbidatuta, harmailetan zeuden zaleak ere kantxara jaitsi ziren, Lopezi esker ona adieraztera eta argazkiak ateratzera.
“"Bukatu da. Bulegoko beste egun bat izan da, baina hau izan da azkena. Sentsazio onak izan ditut. Finalean ere maila polita erakutsi dugu, eta horrela amaitzea, gainera etxean, halako berotasunarekin eta mariatxiekin... Zer gehiago eska dezaket?"
Jokatutako azken txapelketa irabazi izanagatik ezin pozago zegoen txapeldun handia. Lopezek adierazi zuenez, irabaztea da bizitzan gehien gustatzen zaiona, eta hori gertatzen denean askoz ere gusturago egoten da. Jakitun zen atzokoa egun berezia zela eta omenaldia jasoko zuela, baina ez zuen espektatiba handirik. Musika mexikarra nahi zuen amaierarako, eta hori izan zuen, mariatxiekin batera.
Bizimodu berrira ohitzeko arazorik izango ez duela ere adierazi zuen. Aurrerantzean, pilota beste era batera biziko du. "Bihartik aurrera berriro Imanol izango naiz. Frontoian zuriz janzterakoan Lopez izan naiz, baina hemendik kanpo beti Imanol izango naiz", gaineratu zuen.
Guka hedabideak saio berezi bat eskainiko du ostegunean Imanol Lopez puntistaren agurra dela eta. Bertan, Lopezekin zesta puntan aritu diren hainbat lagunen iritziak jasoko dira.




