Zumaiako Udal Gobernuak bat egin du biharko deitutako greba orokorrarekin, eta herritarrei mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu die. Udal langile askok ere grebarekin bat egingo dutenez, ezin izango dira udal zerbitzuak bermatu egun horretan.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, greba orokorrera deitu dute etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko.
Deialdiaren bidez, etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoei aurre egitea, espekulazioari mugak jartzea eta etxebizitza negozioaren gainetik herritarren oinarrizko eskubide gisa aitortzea eskatzen dute. Era berean, langileen bizi-baldintzak eta erosahalmena hobetzeko neurriak aldarrikatzen dituzte.
Zumaiako Udal Gobernuak bat egiten du aldarrikapen horiekin, eta herritarrei jakinarazi nahi die grebaren eraginez udal zerbitzuetan ohiko jarduera bermatzerik ez dagoela.




