Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira, Zumaiako Udalak eta Emakumeon Etxeak egitarau zabala antolatu dute azaroan. Hitzaldien, jardueren eta mobilizazioaren bidez, indarkeria matxistaren askotariko formak landuko dituzte, gogorarazteko indarkeria fisikoa eta sexualaz gain, psikologikoa eta ekonomikoa ere izan daitekeela.
Kanpaina herriko kaleetan ikusiko da kartel, loneta eta pegatinen bidez, eta etxe guztietara bidaliko dute Emakumeon Etxean eskaintzen diren zerbitzu eta baliabideen inguruko eskuorri informatiboa. Aurten ere "Indarkeria matxistak forma asko ditu" leloa hautatu dute, eta, besteak beste, ziberindarkeria, misoginia, manosfera eta erresistentzia feministak izango dituzte hizpide.
Emakumeon Etxea erreferentziazko espazioa da emakumeentzat, eta bertan informazioa, orientazioa eta laguntza profesionala jaso dezakete, baita ahalduntze indibidual eta kolektiborako prozesuetan parte hartu ere. Zerbitzuak doakoak eta konfidentzialak dira, eta laguntza jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa formala aurkeztu izana.
Azaroan zehar hainbat hitzaldi eta jarduera egingo dituzte Zumaian, indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa sustatzeko, haren adierazpen desberdinak identifikatzeko eta prebentziorako tresnak lantzeko. Azaroaren 13an, Carmen Ruiz Repullok 'Descodificar la misoginia' hitzaldia emango du; azaroaren 23an eta 24an, ziberindarkeriari buruzko tailerra ikasleekin; azaroaren 24an, Sheila Melcón Lopezek 'Klik baten atzean' hitzaldia eskainiko du; azaroaren 25ean, Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa izango da; azaroaren 26an, Nerea Barjola Ramosek 'Libertad sexual, consentimiento, feminismo' hitzaldia emango du; eta abenduaren 10ean, Bea Insaren 'Helenas anzezlana' izango da.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu egitarauko jardueretan parte hartzera, indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia kolektiboa indartzeko eta berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen jarraitzeko. Informazio gehiagorako, Emakumeon Etxea (633 432 762), Eusko Jaurlaritzaren arreta-zerbitzua (900 840 111), Gizarte Zerbitzuak (943 86 22 00) eta 112 larrialdietarako telefonoa daude eskura.




