Zarauzko Udalak uda garairako prestatu duen ekitaldi egitarau berezia plazaratu berri du. San Pelaio Jaiak amaitu berri dira, eta horiekin batera, udako eskaintza zabala helduko da kostaldeko herrira. Egitarau honek 130 ekitaldi baino gehiago biltzen ditu uztailean eta abuztuan, eta denetariko publikoari zuzenduta dago.
Udaleko hainbat departamentuk, hala nola Turismo, Jaiak eta Ekitaldiak, Kultura eta Kirola, antolatu dituzte ekitaldi ugari. Horrez gain, herriko eragile, talde eta jai-batzorde desberdinen lanari esker gauzatuko dira beste asko. Egitarauak urtero errepikatzen diren eta Zarauzko udan oso erroturik dauden ekitaldiak biltzen ditu, hala nola, Kalerki, Txaparrotan, Los 40 Summer Live (uztailaren 31n), ostegunetako Herri-kirol jaialdiak, Udako Musikaldia, igandetako Udako Erromeriak, zezen puzgarrien entzierroa, Frontoi Txikiko pilota txapelketak, Bertso Astea, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia eta auzoetako jaiak.
Gainera, urtero musika ikuskizun, kirol lehiaketa eta azoka berriak gehitzen dira egitarauari, ahalik eta eskaintza borobilena osatzeko. Aurten, Zarauzko Aste Nagusia abuztuaren 14tik 23ra ospatuko da. Ekitaldi nagusien artean, su artifizialen erakustaldiak abuztuaren 15ean eta 16an izango dira; lehen mailako pilota txapelketako partidak bi igandetan (16 eta 23), eta Zarauzko estropadak 22an eta 23an.
Malekoiko kontzertuak abuztuaren 17tik 22ra izango dira, eta adin-talde guztietara iristeko helburua dute. Bertan arituko dira, besteak beste, Olaia Intziarte, Zeatik Ez, Neomak, Janus Lester, Seguridad Social eta Puro Relajo. Asteari amaiera emateko, Leire Martinez abeslariak eskainiko du azken kontzertua abuztuaren 22an.




