Arratsaldeko lehen orduetatik aurrera, Kostako errepideko errei bat itxita egongo da Zumaia eta Zarautz artean. Horren ondorioz, Zarautzera joan nahi duten gidariek AP8 autobidea erabili beharko dute.
800 lagun bilduko dituen kirol ekitaldiak Lurraldebuseko autobusetan ere aldaketak eragingo ditu. Zehazki, 14:00etatik 18:15era bitartean, Patxita Etxezarreta kaleko bus geraleku arruntak bertan behera utziko dituzte Zumaia-Donostia zerbitzua eskaintzen duten UK09, UK10 eta UK11 lineetarako. Denbora tarte horretan, hasierako eta amaierako geraleku bakarrak Txomin Agirre kaikoak izango dira.
Getariara joateko asmoa duten bidaiariek aurretik Zarautzera joan beharko dute, eta han hartu Getariara doan autobusa, une horretan N-634 errepideko errei hori irekita egongo baita.
Zarautz hirian bertan ere, probak irauten duen bitartean geraleku batzuk kenduko dituzte. 14:15etik 18:30era, Argiko bi geralekuak, baita Sanz Eneakoa eta San Pelaiokoa ere, bertan behera geratuko dira Donostiara doan noranzkoan. Suhiltzaileen biribilgunean geldialdi alternatiboak egingo dituzte Lurraldebuseko autobusek.
Barrualdeko zerbitzuetan ere eragina izango da. Zumaiatik Aizarnazabalera 17:10ean ateratzen den zerbitzua eta Aizarnazabaletik Zumaiara 17:30ean datorrena bertan behera geratuko dira.
Zumaiako eta Zumarraga arteko UK06 lineak ere aldaketak jasango ditu. Zumaiatik 13:45ean irteten den zerbitzua autopistaz joango da Elgoibarrera arte. Behin Azkaratetik Azkoitira iritsita, han autobus aldaketa egingo da. Bestalde, Zumaiatik 14:45ean, 16:45ean eta 17:45ean ateratzekoak ziren zerbitzuetan, Zumaia eta Zestoa arteko tartea kenduko dute, eta zuzenean Zestoatik aterako dira 15:00etan, 17:00etan eta 18:00etan, hurrenez hurren.
Gainera, Zumarragako Ospitaletik 13:05ean, 15:10ean eta 16:05ean irteten diren zerbitzuak Zestoaraino bakarrik iritsiko dira, eta ez dute Zumaiaraino jarraituko.




