Azken urteetako proiektu garrantzitsuenetako bat den Salberdin eremuko hirigintza garapena amaierara iristen ari da. Urbanizazio lanak hilabete gutxiren buruan amaituko dira, eta etxebizitza sustapenak bizilagunen eskariari erantzuteko prestatzen ari dira. Iazko amaieran 92 Tasatutako Etxebizitza eta 3 Babes Ofizialeko Etxebizitzaren lehen erabilera baimendu ondoren, Udalak aurten alokairuko 91 etxebizitza babesturen eraikinarentzako baimena ematea aurreikusten du, eraikuntza lanak amaitzear baitaude.
Etxebizitza Bulegoak jarduera handia izan du prozesu honetan. Martxoaren 2tik 20ra bitartean, Etxebidek alokairuko etxebizitza babestuen esleipenerako irekitako izen-emate epean, udal zerbitzuak 500 zarauztar baino gehiagori informazioa eta laguntza eskaini die. Kopuru horrek baliabide publiko honen garrantzia azpimarratzen du tokiko etxebizitza politikaren une garrantzitsuetan.
Etxebizitza Bulegoak etxebizitza babestuen izen-emate prozesuetan jartzen du arreta gehien, baina bere eguneroko lanak beste arlo garrantzitsu batzuk ere hartzen ditu. Horien artean, energia eraginkortasuna hobetzeko obretarako dirulaguntzen kudeaketa eta udal aparkalekuen kontzesioen tramitazioa nabarmentzen dira. Hala ere, sustapen berriak irekitzen direnean areagotzen da herritarren joan-etorria.
“"Etxebizitza Bulegotik eskaintzen dugun zerbitzua oso garrantzitsua da. Urte osoan zehar ematen den laguntza hau oso eskertua da zarauztarren aldetik, baina une berezietan, bulegoko langileek egiten duten ahalegina zinez eskertzekoa da."
Salberdin-en egungo prozesuaz haratago, herritarren interesa indarrean dagoen plangintzaren etorkizuneko sustapenetan jartzen da. Lampardo-n 25 Gizarte Alokairuko etxebizitza aurreikusten dira 2027 edo 2028 rako, eta haien esleipena baremazio sistemaren bidez egingo da. Amillubi-n 21 etxebizitza tasatu proiektatzen dira autobus geltoki berriaren gainean, eta zozketa 2026 rako aurreikusten da, obrak 2027 eta 2028 artean amaituta. Irita-n 130 Alokairuko Etxebizitza Babestu eta 100 Hornidura Ostatu sartzen dira, eta Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena adostuta dago, sinatzeko zain badago ere.
Zarauzko Udal Gobernuak 2016tik bultzatutako plangintzari esker, orain arte ia 500 etxebizitza babestu eraiki dira. Salberdin amaitzean, beste 200 baino gehiago gehituko dira, eta Lanpardo, Amillubi eta Irita garatzean (guztira 276 unitate), udalerriak guztira 1.000 etxebizitza babestu inguru izango ditu. 2008an onartutako Plan Orokorra agortu denez, Udalak dagoeneko dokumentu estrategiko horren berrikuspenean dihardu.




