Festak ostiralean, uztailaren 10ean, abiatuko dira 22:00etan jokatuko den mus txapelketa azkarrarekin. Parte-hartzaileek bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta irabazleek 350 euroko saria eta txapelak eskuratuko dituzte. Bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatuek ere sariak jasoko dituzte, besteak beste, afariak eta txuleta zein xanpain loteak.
Igandea, uztailaren 12a, izango da egun nagusia. Goizeko 09:00etan eta 11:00etan elizkizunak egingo dira. Eguerdian, 12:30ean, bertso saioa izango da, eta ondoren trikitilariak arituko dira. Arratsaldean, umeentzako tailerrak, magia ikuskizuna eta herri kirol saioak antolatu dituzte auzoko plazan.
Azkoitiko Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko du igandean, 08:30etik 14:30era. Autobusa Julio Urkixo kaleko geralekutik abiatuko da, eta ez da aurrez izenik eman behar zerbitzua erabiltzeko.




