Aiako Udalak eta etxearen sustatzaileek aurkeztutako kasazio errekurtsoa baztertu egin du Espainiako Auzitegi Gorena, eta duela urtebete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako agindua berretsi du: legez kanpo eraikitako Amezti baserria eraitsi egin beharko da. Etxeak 11 logela eta 11 komun ditu, eta 11 salaketa eta 11 urteko auzibidearen ondoren iritsi da erabaki hau.
Amezti baserria Aia herriaren lurretan dago, Zarautz eta Orio arteko muinoan. Eraikinaren jabe den Garrastazu familiako 11 anai-arrebetatik bat, Maite Garrastazu, hirigintza eta obra zinegotzia zen Zarauzko Udaleko (EAJ) lizentzia eskuratu eta eraikuntza egin zutenean. Baserria abandonatuta zegoen, eta 2010ean familia hark Aiako Udalari (EAJ) hura eraberritzeko lizentzia eskatu zion. Bi urte geroago, beste eraikin bat egiteko bigarren lizentzia eskatu zuten, eta udalak biak onetsi zituen, nahiz eta gero frogatu proiektuak ez zuela udalaren urbanizazio legea betetzen.
Arazo nagusia da baserria naturagune babestuan kokatzen dela. Eusko Jaurlaritzaren 2006ko legeak dio eraikina eraberritu edo berreraiki daitekeela, baina 50 metroko erradioan eta antzeko dimentsioekin. Jabeek, ordea, neurri horiek gainditu zituzten: eraikin berria jatorrizko lekutik 200 metrora eraiki zuten eta tamaina bikoiztu baino gehiago egin zuten, 183 metro karratuetatik 469ra igaroz.
Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak eta SOS Talaimendi plataformak jarritako salaketen ondorioz hasi zen prozesua 2015ean. Federazioak nabarmendu zuen eraikin berria handiagoa zela eta beste toki batean zegoela, eta gainera, babes bereziko landa eremuan kokatzen dela, igarobide ekologiko bat eta belatz handi bikote bat bizi diren inguruan.
Gorenak ebatzi du bertze udalerri batzuetan antzeko prozedurak egin izan direla aipatzea ez dela nahikoa helegiteari bide emateko. Epaia irmoa da, baina ez da amaitu prozedura judiziala: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi edo ez erabaki beharko du joan den urteko urtarrilean emandako epaia. Litekeena da urte amaierarako ebazpena ematea, eta horrek Amezti eraisteko agindua irmo bihurtuko luke.
Hala balitz, sustatzaileei bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete, eta eraistearen eta eremua lehengo egoerara uztearen kostua ere beraien gain hartu beharko lukete. Gainera, Zarauzko Udalak etxe hori urez hornitzea erabaki izana epaitzeko beste auzibide bat ere zabalik dago.




