Zarautz herriko Santa Klara komentuan egindako zaharberritze lanak gertutik ezagutzeko parada izango dute herritarrek. Asteazken honetan, 19:00etatik 20:30era, Rehabilitación y valores patrimoniales: Convento Santa Clara de Zarautz izenburupean, eraikinaren egokitzapenari buruzko azalpenak emango dituzte arkitektura eta udal teknikako adituek.
Jardueraren helburu nagusia da komentuko beheko solairuan aplikatutako esku-hartze irizpideak azaltzea. Proiektuaren erronka nagusia ondare historikoaren kontserbazioa eta gizarte zein kultura arloko ekipamendu publiko gisa emango zaion erabilera berria uztartzea izan da.
Ekimen honekin amaiera emango zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak bultzatutako Ondarea Orain programari. Egitasmo horren bidez, lurraldeko ondare kulturala gaur egungo ikuspegitik aztertu eta herritarrekin partekatu nahi izan dituzte azken urteotako ikerketa eta aurrerapen nagusiak.




