Ane Segurola musikari eta ekoizle irundarra da Saguxar proiektuaren atzean dagoena. Bere lehen lanak, Sei mila urte izenekoak, genero anitzak uztartzen dituen atmosfera berezia sortzen du. Konposizioek ametsen munduko irudiak islatzen dituzte, letra iradokitzaile eta melodia etereoen bidez entzulea mundu oniriko batean murgilduz.
Segurolaren ikuspegi berritzaileak arreta erakarri du Euskal Herriko musika eszenan, euskaraz ohikoak ez diren estiloak aurkeztu baititu, hala nola ambient, dream pop, trance eta elektronika esperimentala.
Bestalde, Ramona's First Evil Boyfriend taldea Azkoitian sortu zen konfinamendu garaian, Andrea Pozo (Azkoitia, 1997) eta Josemari Unanue (Hendaia, 1997) bikotearen eskutik. Autoekoizpeneko lehen lanek Kutxa Kultur eta Villasound Bilbao programetan parte hartzeko aukera eman zieten.
2022 an, Mnemosyne lana argitaratu zuten, folk, shoegaze eta pop-rock estiloak nahasten dituena. Lan hori zuzenean aurkeztu zuten Atabal (Biarritz), Dabadaba (Donostia) edo Taller de Músics 24 (Bartzelona) bezalako aretoetan. Geroago, Julen Hidalgo azpeitiarra batu zen taldera.
Konposatzeko denbora bat hartu ondoren, iaz Azküe Soinuan (Zarautz) sartu ziren Eatxi diskoari forma emateko, eta duela gutxi kaleratu dute. Lan horretan soinu garbiago eta finago bateranzko pausoa eman dute, euskarazko eta gaztelerazko letrekin, baina betiere beren berezko espontaneotasuna mantenduz.




