Imanol Eliasen argitaratu gabeko nobela bat aurkeztu dute Azpeitian

Liburutegiko langileek aurkitutako 'Hamaika egun Azpeitian' lana aurkeztu dute, egilea hil eta hamahiru urtera.

Liburutegi atsegin baten barrualdea, liburu-apalez betea. Mikro bat dago podium txiki batean, aurrean eserleku hutsak dituela. Argiztapen leunak irakurtzeko giro atsegina sortzen du.
IA

Liburutegi atsegin baten barrualdea, liburu-apalez betea. Mikro bat dago podium txiki batean, aurrean eserleku hutsak dituela. Argiztapen leunak irakurtzeko giro atsegina sortzen du.

Azpeitiko Udal Liburutegian Imanol Elias idazlearen Hamaika egun Azpeitian nobela aurkeztu dute, bertako langileek egilearen funts bibliografikoan aurkitutako argitaratu gabeko lana.

Azpeitiko Udalak argitaratu du Imanol Eliasen Hamaika egun Azpeitian nobela, egilearen funts bibliografikoan aurkitutako lana. Aurkezpenean parte hartu zuten Nagore Alkorta alkateak, Beatriz Aranbarri liburuzainak, Itziar Oiarzabal Eliasen alargunak, Asier Osa semeak, eta Pello Elorza eta Jose Luis Otamendi editoreek.
Egilea hil eta hamahiru urtera kaleratu da lana. Alkateak "opari bat" bezala aurkeztu du, eta Imanol Eliasek Azpeitiko herriaren memoria gordetzeko egindako lana goraipatu du, "hark egindako lanak fruituak ematen segitzen duela" azpimarratuz.
Imanol Eliasen alargunak, Itziar Oiarzabalek, 2015ean utzi zizkion udalari haren liburuak eta funts bibliografikoa osatzen duten 2.000 liburu eta dokumentu baino gehiago. Azpeitiko Udal Liburutegian gordeta egon arren, 2023ra arte ez zen funts hori erabilgarri egon. Liburuzainek, Beatriz Aranbarrik gidatuta, lan hori antolatu eta katalogatu dute, eta horren baitan aurkitu zuten Eliasen argitaratu gabeko nobela.

"Eliasek bere bizitzan zehar bildu eta zaindu zuen ondare intelektualaren eta pertsonalaren zati garrantzitsu bat dago gordeta liburutegian."

Beatriz Aranbarri · Udal Liburutegiko liburuzaina
Beatriz Aranbarrik aurkikuntzaren "istorio berezia" nabarmendu du, eta hiru gauza ospatu ditu: "dohaintza baten eskuzabaltasuna, ondare baten kontserbazioa eta orain arte ezezaguna izan den eleberri baten jaiotza publikoa".
Hamaika egun Azpeitian nobela beltzaren eta kontakizun historikoaren ezaugarriak nahasten ditu. Jose Luis Otamendik, liburuaren editore lanetan aritu denak, azaldu duenez, lana 1870eko udan kokatzen da, bigarren karlistada aurreko garai nahaspilatsuan. Eleberriak garai hartako Azpeitiko kale eta eraikin errealak fikzioarekin uztartzen ditu, nahiz eta pertsonaia nagusiak, Joxe Arruti abokatu zumaiarra kasu, asmatuak izan.
Pello Elorzak, beste editoreak, liburuaren digitalizazio eta eguneraketa lanak egin zituen. "Originalak 170 orrialde ditu, eta denak banaka-banaka eskaneatu nituen", azaldu du. Liburua "freskoa eta polita" dela esan du, eta bertan Arruti abokatuak azpeitiar baten gutuna jasotzen duela eta horrela hasten dela "drama guztia".
Itziar Oiarzabalek, Eliasen alargunak, gogoratu du idazleak berak aipatu zuela bigarren nobela bat bukatuta zeukala, Hamaika egun Azpeitian izenekoa. Liburutegian aurkitutako eskuizkribua irakurri eta gero, "harrigarria" iruditu zaiola esan du, "Imanol ibili dela liburutegian eta gure etxean" sentitu duela adieraziz. Eliasen "idazlanak hor gelditzen dira idatzita" esaldia gogoratu du, eta hark egindako lan kulturala goraipatu du.
Liburua ez da salgai jarriko, baina udalak aurrerago azalduko du nola eskura daitekeen interesa dutenek. Aurkezpen ekitaldia Amaia Aranagaren biolin emanaldi batekin eta Txoriak txori kantaren interpretazioarekin amaitu zen.