Pilotari Eguneko pilota txapelketak aurrera doaz Azkoitian. Gizonezkoen bi eta erdiko txapelketaren aurre kanporaketak hilaren 15ean hasi ziren, eta gaur, asteazkena, gizonezkoen binakako txapelketaren aurre kanporaketak hasiko dira Kontzejupean. Lehiak gaur, bihar eta etzi izango dira.
Guztira, 43 bikotek eman dute izena aurtengo gizonezkoen txapelketarako. Aurre kanporaketak gainditzen dituzten bikoteak final hamaseirenetara sailkatuko dira, eta partida horiek maiatzaren 4ko eta 11ko asteetan jokatuko dira. Final zortzirenak maiatzaren 18ko astean izango dira, eta final laurdenetako kanporaketak ekaineko lehen astean. Finalerdietako partidak ekainaren 8ko astean jokatuko dira, eta finalak, berriz, ekainaren 13an, Pilotari Egunean.
Aste honetako aurre kanporaketetako partidak honako hauek dira, egunez egun, 18:00etan hasita:
Asteazkena: Laja-Rocha vs Uritz-Iker, Xitu-Enaitz vs Juin-Epelde, Katre-Berastei vs Zabala-Motza.
Osteguna: Axi-Denis vs Irazusta-Lizertza III.a, Aramendi-Badiola vs Segurola anaiak, Usa-Arkaitz vs Danel-Aitor, J. Pozo-I. Pablos vs Toota-Markel.
Ostirala: Arra-Luix vs Xomorro-Txitxo, G. Errasti-J. Izagirre vs Joritz-Unai, Zabale-Julen vs Maixa-Zabale, Olaizola-Goenaga vs Pottola-Oseo.
Bestalde, Pilotari Eguneko kamisetak eska daitezke jada. Txulue elkarteak Internet bidez jasoko ditu eskaerak, eta herritarrek galdetegi bat bete beharko dute maiatzaren 11a baino lehen, kamisetaren kolorea eta neurria aukeratzeko. Partiden egunetan, Txulue elkarteko ordezkariak Kontzejupean egongo dira, kamisetak probatu nahi dituztenentzat. Eskaera egin dutenek ekainaren 3an, 4an eta 5ean jasoko dituzte kamisetak.




