Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen taldea gaur lehiatuko da Espainiako Traineru Txapelketan, Galiziako uretan. Estropada hasi aurretik, herritar talde batek bere kezka helarazi dio elkarteari, iazko ospakizunek "mindu" egin zituztela adieraziz.
Talde honek argi utzi du arraunlarien jarduna eta emaitza bikainak ospatzea positiboa dela, baina Espainiako bandera ospakizunen erdigunean jartzeak ez duela harrotasunik sortzen haientzat. "Euskal Herria nazio gisa sentitzen dugun askorentzat, bandera horrek ez du garaipena edo harrotasuna adierazten. Ez du eta ezin du adierazi, zapalkuntza historiko baten sinboloa baita", aldarrikatu dute.
Taldearen ustez, Espainiako bandera "hain lasai eta eroso astintzea asimilazioaren bidean ematen den beste urrats handi bat" da, eta "urte luzez gure hizkuntza, kultura eta nortasuna baztertu edo ukatu dituen estatu baten ikurra normaltasun osoz gure ospakizun kolektiboetan txertatzeak" kezka sortzen die.
Horregatik, "errespetu osoz" eskatu diote Orio Arraun Elkarteari, txapelketa irabaziz gero, udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez astintzea. Garaipena ospatzeko "denok parteka ditzakegun" ikurrak badirela azpimarratu dute, hala nola Orioren koloreak, herriaren bandera eta arraunaren inguruan eraikitako "harrotasun kolektiboa".




