Ekitaldiaren helburua da urtean zehar nabarmendu diren eta herriari ekarpena egin dioten oriotarrak (norbanakoak zein taldeak) aitortzea eta omentzea, haien ibilbidea, lorpenak eta balioak azpimarratuz. Herritarrek hautagaiak proposatu ditzakete galdetegi honen bidez, eta merezimenduak eta horiek ilustratzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira.
Aurten omenduak aukeratzeko prozesua deialdi baten bidez arautuko da, zeinaren oinarriak herri-aitortza 2026 dokumentuan kontsulta daitezkeen. Hautagaiak Orion erroldatuta egon beharko dira, edo herriko kultur edo kirol-elkarteren batean ibilitakoak edo dabiltzanak. Fikziozko pertsonaiak, jada omenduak izan direnak, hildakoak, edota goi-kargudun politikoak ezin izango dira hautagai izan.
Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean bukatuko da. Ondoren, mahai tekniko batek aztertuko ditu proposamenak eta epaimahai batek hartuko du azken erabakia. Epaimahaia zozketaz aukeratutako lau elkarteen ordezkariek eta udal-teknikari batek osatuko dute.
Aurtengo omenduak jasoko duten aitortza-ekitaldia urte bukaeran izango da. Udalak aurrerago zehaztuko ditu data eta xehetasun guztiak. Ekitaldi xumean, omenduek herriko sortzaile batek egindako ikurra jasoko dute.




