URA agentziak aurkeztu zuen Oikiako ur-saneamendu proiektu berria joan den ekainean, eta herritarren iritzia jasotzeko epea ere zabaldu du. Eguzki talde ekologistaren arabera, hau da Oikiako urak Zumaiako ur araztegira eramateko diseinatutako hirugarren proiektua, eta Zumaiako errioaren ur kalitatearen inguruko polemikarekin lotuta dago.
Joan den urtean, Osasun Sailak debekatu egin zuen Urolaren itsasadarrean bainatzea, urak ez zuelako behar adinako kalitatea. Eguzkiren esanetan, agentziak aitortu duenez, Oikiako ur zikinek Urola "nabarmen" kutsatzen dute, eta proiektuaren helburua kutsadura hori Basustako araztegira bideratzea da.
Talde ekologistak gogorarazi duenez, ekainean aurkeztutako proiektua hirugarrena da. Eguzkiren ustetan, saneamenduaren gaia berriro mahai gainean jartzea "albiste ona da", eta proiektua eguneratua datorrela azpimarratu du. Oraingoan, Oikiako eta Xeyko industriaguneko ur zikinez gain, Aizarnazabalgo urak ere araztegira bideratzea du helburu.
Hala ere, ekologistek "alde iluna" ere ikusten dute, obra honek "atzerapenak neurrigabe pilatzen" jarraitzen duelako. Aurtengo proiektua 2021eko beste batean oinarritzen da, eta hura, berriz, 2010eko beste batean. "Instituzioek Gipuzkoan hainbat lan hidrauliko egiteko akordio bat sinatu zuten 2007an; akordio haren arabera, Oikiako saneamenduak 2011rako martxan egon behar zuen. Orain, 2026an, oraindik proiektuarekin bueltaka gabiltza", salatu dute.




